Aieteko Adierazpena

Aieteko Adierazpena 2011ko urriaren 17an Donostiako Bakearen Etxean egindako Nazioarteko Konferentziaren fruitua da. Nazioarteko pertsona entzutetsuek sinatuta, testuak bake justu eta iraunkor bat lortzeko bide orri bat proposatzen du, indarkeriaren amaieran, maila guztietan eman behar den elkarrizketan eta adostasunean oinarritzen dena.

Aieteko Nazioarteko Konferentziako parte-hartzaileek adostutako testua:

1.- ETAri dei egiten diogu bere jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragartzen duen adierazpen publikoa egiteko eta soilik gatazkaren ondorioez aritzeko Espainia eta Frantziako gobernuei elkarrizketarako deia egiteko.

2.- Adierazpen hori egingo balitz, dei egiten diegu Espainiako eta Frantziako gobernuei baiezkoa eman eta gatazka armatuaren ondorioez soilik aritzeko elkarrizketak zabaltzeko.

3.- Zabaldu diren zauri pertsonalak eta sozialak sendatzeko lagungarria delako, eginiko minaren aitorpena, biktima guztien aitortza eta berauen laguntza, eta errekontziliazioan aurrera egiteko urrats sakonak eman daitezen eskatzen dugu.

4.- Gure esperientziak azaltzen digunez, askotan gatazkak konpontzeko orduan badira bake iraunkorra eskuratzeko lagungarriak diren aztertu beharreko beste gaiak. Ildo horretan, eragile ez bortxatzaileak eta ordezkari politikoak bil daitezen iradokitzen dugu, gai politikoak eta gaiarekin zer ikusirik dutenak eztabaidatzeko, herritargoa kontsultatuz, horrek guztiak gatazkarik gabeko aro berria sortzen lagun dezakeelako.

Gure esperientziak azpimarratzen duenez, hirugarren parte hartzaileek, begiraleek edota laguntzaileek, elkarrizketa bideratzen laguntzen dute. Hemen ere, gatazkarekin zer ikusirik duten parteek horrela erabakiko balute, elkarrizketa nazioarteko laguntzaileen bidez ere bidera liteke.

5.- Errekomendazio hauen bideratzea aztertzeko Jarraipen Batzordea eratzeko prestutasuna adierazten dugu.

Donostian, 2011ko urriaren 17an